Hezkuntza Sistema, sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, eta jendarte eredua birsortzeko baino, eraldakuntzarako bitartekoa izan behar du, hots, pertsonen garapenerako bitarteko askatzaile bilakatu beharra, pertsona aske eta integralak heziz, eta sexuen arteko parekidetasunaren alde eginez. Batetik, ezberdintasun sozialak gainditzeko balio izango du, eta bestetik, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko. Parekidetasunean oinarritutako Euskal Herri sortzeko.
Herriaren beharretara egokitutako Euskal Curriculum parekidea sortu beharra dago. Euskalduna eta euskal kulturan oinarritua, partehartzailea, parekidetasunean oinarritua... Euskal hizkuntza, kultura eta bizimodua berreskuratu eta lantzen lagunduko duena.
Bereizketa gaindituko duen eta eraldatzaile eta sortzailea izango den Euskal Curriculuma, integrala izango dena genero perspektiba txertatuz. Integrala izan behar du: hezte, prestatze eta birziklatzera lagundu eta bultzatuko duena, transformazio eta eraldakuntzarako bitarteko izango dena, sexuen arteko erlazio berriak sortzera lagunduko duena, euskal emakumeok bizi dugun eta historian zehar bizi izan dugun gutxitze eta diskriminazioen ondorioz pairatzen duten aukera ezberdintasunei aurre egingo duena, euskal emakumeen ikusitasuna bermatu eta ondarea berreskuratu biziraun dezan. Euskal Curriculumak, euskal emakumeen ezaugarri bereizgarriak ikertu eta landu behar ditu. Emakume-aldagaia uztartuz joan beharko du sexu bien arteko eskubide eta aukera berdintasuna lortzeko. Emakumeon egoeraren bilakaera eta patriarkatuaren ondorio eta zapalkuntza historikoen arrazoiak agertu behar dira; emakumeen presentzia, erreferentziak, eredu anitzak eta partehartze soziala (kulturan, zientzian, politikan, eguneroko bizitzan...) berreskuratuz. Emakume eredu ezberdinak agertuz erabiliko diren adibide, irudi... edozein eremu edo funtzioetan. Emakumeek burututakoaren lanketa eta hauen lanbideak azpimarratuz eta merezitako garrantzia emanez, emakumeei egokitu zaizkien lanbideak errekonozituz eta irakatsiz: sukaldaritza, senda-belarren ezagutza eta erabilpena, emozioen lanketa...
Edukietan, emakumeen izaera eta ekarpena berreskuratu eta emakume ereduen presentzia bermatuko duena, eduki sexista duen edozein materialaren bazterketa eta hezkidetzaileen erabilera bultzatuko duena, hizkuntza ez sexista erabiliko duena, emakumearen partehartzea bermatuko duena...
Ezkutuko curriculumaren garrantziaz jabetu eta honen lanketa eta aldiro honen ebaluazioa egin. Eta hau ekiditeko mekanismoak izango dituena (hizkuntza sexista, espazioaren banaketa, ikastetxearen egituraketa eta antolaketa, ematen diren jarrerak, transmititutako baloreak, ebaluaketa sistema, harremanak...)
Balore eta jarreren banaketa azaldu eta aukeraketa pertsonan dagoela erakutsiko duena, eta ez jendarte patriarkarrak mailakatzen eta hierarkizatzen dituen araberako aukeraketan. Jarrera sexista zein kontsumisten aurka borrokatzeko balioko duena. Hezkidetza eta beraz, parekidetasuna bultzatuko duten baloreen sustapena.
Laikoa, non erlijioaren izenean emandako balore eta jendarteratze prozesuak ez diren sexu diskriminazioan oinarrituak izango.
Askatasuna bizitzeko zein erlazio integralak izateko heziko duena. Norberaren askatasuna eta autonomia landu. Pertsonaren gaitasunak lortzea sexu diskriminaziorik gabe, pertsonak bezala tratatuak izatea norbanakoaren berezitasunetaz jabe eginda eta ondokoekiko errespetua bultzatuz eta balore egokiez osaturiko ingurua sortuz.
Azken finean, pertsona aske eta integralak sortzea helburu duen Euskal Curriculuma: emakume eta gizon kritikoak, elkarkideak, arduratsuak, begirunean heziak... sortuko dituenaren alde.
Baliabideak bilatzerakoan ondo aukeratu behar dira azterketa sakon bat eginez: lanaren banaketa sozial eta sexuala eszenifikatzen dituzten liburu zein kontzeptuak ekidingo dituena, orokorrean, eduki sexistak dituen edozein materialaren bazterketa ziurtatu eta parekidetasunean oinarritutako edo material hezkidetzagileak erabiliko duena.
Hizkuntzaren ezaugarri sexistak aztertu eta kritikotasunez hauek aldatzeko lanketak egin, gerora hizkuntza egokia eta sexismorik gabea bultzatzeko.
Hezkidetza bultzatu eta bermatuko duen metodologia partehartzailea behar du bere baitan.
Espazio guztiak guztiontzako. Bere barne jardueretan, bereizkeria bultzatuko ez duen espazioaren antolaketa izango duena.
Eremu zein maila ezberdinetan parekidetasunean oinarritutako emakumearen partehartzea bermatuko duena.. Partehartzea, askatasunean, espiritu kritikoan heziz... (ez autoritarismo, delegazionismo, hierarkian...)
Hezkuntza komunitatekideekiko tratu bereizkeriarik onartuko ez duena eta honetarako bitartekoak jarriko dituena, errespetuzko eta parekidetasunean oinarritutako harremanak sustatuz. Kale eta eskolan bultzatu behar da parekidetasuna. Ikasle-irakasle, irakasle-guraso, ikasle-guraso...
Sexualitatea era espezifikoan erakutsiko duena. Txikitatik modu naturalean landuz, taburik gabe eta sexualitatea bizitzeko eredu ezberdinak ezagutaraziz; baina afektibitatea eta komunikazioa ordea, zehar-lerro gisa helaraziaz.
Derrigorrezko irakasgaia beharko luke izan. Ikasgai berri bat barneratu beharko luke Ecak: parekidetasunerako baldintzak azalduz, emakumeen zapalkuntza agerraraziz, ezberdintasunak sexuak soilik markatzen dituela azalduz... Eremu pribatu eta publikoaren sexuaren araberako banaketaren ezabaketa landu. Egoera berdintasunean amatasuna, familiako beharretan... denon betebeharra maila berean dela agerrarazi. Gaiari buruz eztabaidatu, jendartearen egoera aztertu, bidegabekeriak argitara atera...